ELKARTEAK ETA HERRITARRAK : HERRIAREN INDAR BIZIA KOFOINAREN BIHOTZEAN

Elkarteak ez dira kanpoko egiturak.
Gu gira, engaiatuak diren herritarrak.

Egunero gure herria biziarazten dute.
Loturak sortzen dituzte, elkartasuna, kultura, kirola eta elkar-laguntza sustatzen dituzte.
Ekimenak eramaten dituzte, aterabideak asmatzen dituzte eta benetako motor demokratikoa dira.
Herritarren ahalmena gorpuzten dute.

Kofoina konbikzio batean oinarritzen da : antolatutako herritarrak aberastasun kolektiboa dira.
Herritarrek egiten dutena herriak sostengatu behar du.

Horregatik proiektu hau elkarteetan oinarritzen da.
Kuadro egonkorra, baliabide iraunkorrak eta gobernantzan leku nagusia ematen dizkie, interes orokorra bermatuz.

Kofoina ez da haientzat pentsatua.
Haiekin eraikia da.

ZER DA KOFOINA KONKRETUKI ?

Kofoina Harriet Baita gunearen eraldaketa koherente eta ausarta da, elkartasun, bizi eta trantsizio ekologikoko polo bilakatzeko.

Proiektua Harriet Baita etxearen berritzearekin hasten da. Ondare eraikin hori berriz erdigunean ezarriko dugu, ikuspegi ekologiko zorrotz batekin zaharberritua. Bertan elkarteentzako espazioak, harrera sozialak, bilkura gelak eta bulego partekatuak izanen dira. Ez da ekipamendu berritu huts bat izanen, baizik eta leku bizia, irekia eta eguneroko lotura sortzen duena.

Etxe horren inguruan, eguneko harrera, Kanttu Goxoa eta Restos du Cœur zerbitzuak, baita Larréguy etorbideko larrialdi etxebizitzak ere, sendotu eta egituratuko dira. 

Helburua da laguntza duin eta jarraitua bermatzea, dispositiboak sakabanatu ordez osotasun koherente batean integratuz. Gunea benetako polo sozial bilakatuko da, pertsonen ibilbidea harrera unetik egonkortzeraino osotasunean pentsatuz.

Kofoinaren baitan, elkarte sarearen beharrei egokitutako bitarteko kultura gune bat ere integratuko dugu. Gaur egun, areto handien eta bilkura gela xumeen artean falta da leku malgu, irisgarri eta moldagarria, formatu desberdinak arintasunarekin hartzeko gai dena.

Gune horrek hitzaldiak, antzerki amateurrak, kontzertu akustikoak, proiekzioak, mus txapelketak, salmenta bereziak edo herritar topaketak hartzen ahalko ditu. Oholtza mugikorra eta harmaila desmuntagarriak izanen ditu, erabileren arabera egokitzeko eta benetako aniztasuna bermatzeko.

Ez da ekipamendu gehiago pilatzea helburua, baizik eta behar zehatz bati erantzutea, mutualizazio eta soiltasun logikan. Kofoinan integraturik, kudeaketa partekatu eta erro sozial sendoa izanen du. Dagoen eskaintza kulturala osatuko du, lehian sartu gabe, tokiko ekimenak eta bizitasun kolektiboa indartuz.

Proiektua osatzeko, sukalde zentral munizipala eraikiko da. Eskolentzat, egitura sozialentzat eta etxez etxeko banaketarako kalitatezko otorduak prestatuko ditu, zirkuitu laburrak lehenetsiz eta elikadura arduratsua sustatuz. Transmisiorako leku ere bilaka daiteke, jantoki partekatu batekin eta nutrizioari eta sukaldaritzari buruzko tailer pedagogikoekin. Ez da tresna tekniko hutsa ; elkartasun eta trantsizio ekologikorako palanka konkretua da.

Kanpoko antolamenduak loturak sortzeko pentsatuak dira. Helburua ez da bakarrik sarbideak antolatzea, baizik eta zirkulazio argi eta naturala diseinatzea, ekipamenduen artean koherentzia sortuz. Espazio publikoek, sarrerak eta ibilbideek multzo harmoniko eta ulerterraza osatuko dute.

Larréguy etorbidetik Duconte karrikaraino doan pasabide gozo batek gunea zeharkatuko du. Oinezkoentzat eta bizikletentzat irekia izanen da, gunea isolamendutik ateratuz eta auzoan integratuz. Landarez apaindua eta eserlekuz hornitua, eguneroko bizitzako topagune bilakatuko da.

Multzoa hiri-jarraikortasun logikan txertatuko da. Plaza publiko landareztatua sortuko da, belaunaldi arteko topagune gisa. Hilerriaren ondoan, errespetuz pentsatutako plaza batek trantsizio lasaia eta duina bermatuko du.

Oinezko eta bizikleta bideek gunea ireki eta erdigunearekin lotuko dute, inguruko ekipamenduekin harremanetan : ospitalea, zahar-etxea, CMPP, kultur poloak eta bestelako zerbitzu publikoak. Lotura horrek zaintza, kultura, elkartasun eta zerbitzu publikoen arteko koherentzia sendotuko du.

Denentzat irisgarritasuna bermatzeko, mugikortasun urriko pertsonentzako autobus egokitua ezarriko da, gunea eta erdigunea lotzeko.

KOFOINAREN PROGRAMA EZ DA FINKOA

Kofoina proiektu bizia da, lurraldearekin batera garatzeko pentsatua.

Udalak norabide bat eta kuadro bat ematen ditu.

Oinarri printzipioak definitzen ditu — elkartasuna, lankidetza, gardentasuna eta interes orokorra — eta funtsezko ekipamendu egituratzaile batzuk ezartzen ditu: Harriet Baita berritzea, eguneko harrera sendotua, sukalde munizipala, kultura gune moldagarria eta kanpoko antolamenduak.

Elementu horiek dira proiektuaren hezurdura.
Koherentzia eta egonkortasuna bermatzen dute.

Baina lekuaren edukia ez da izoztua.
Elkarteen dinamiken, herritarrek adierazitako beharren eta sortuko diren lankidetzen arabera garatuko da.

Udalak norabidea finkatzen du.
Elkarteek biziarazten dute.

Kofoina egitura da,
baina mugimenduan den proiektua.

ZERGATIK HALAKO PROIEKTUA ?

Gure lurraldeak koherentzia eta elkartasuna behar ditu, ez bakoitza bere aldetik dabilen ekipamendu sakabanatuak.

Gaur egun, zerbitzu publikoak, elkarteak eta osasun zein kultura eragileak engaiaturik ari dira, baina haien artean benetako artikulaziorik gabe

Kofoinak logika hori aldatu nahi du, gune berean sinergia zehatzak sortuz, elkarren ondoan egotetik harago, benetako lankidetza bultzatuz. Elkarteak, udal zerbitzuak, kultur zerbitzuak, gizarte laguntzako eragileak eta osasun profesionalak elkartuz, etengabeko elkarrizketarako eta proiektu zeharkakoetarako baldintzak sortzen dira. Gaur egun bereizita dagoena osagarri bilaka daiteke.

Indar horiek bateratzeak gaitasunak partekatzeko eta herritarren ibilbideak errazteko aukera ematen du. Urratsak argiago bihurtzen dira, zubiak naturalago, eta elkarteen arteko proiektuak sendoago. Herritar batek ez luke egitura isolatuen artean noraezean ibili behar : zerbitzu publikoa arina eta eskuragarria izan behar da. Zatikatua zena koherente bilakatzen da.

Bateratzeak erran nahi du, halaber, gastu errepikatuak saihestea, giza eta baliabide materialak partekatzea, eta inbertsioak kontzentratzea aurrekontuak sakabanatu ordez. Eraginkortasun publikoa ere indartzen du : leku amankomun batek koordinazio hobea, informazioaren zirkulazio hobea eta baliabideen erabilera egokiagoa ahalbidetzen ditu.

Azkenik, dagoeneko baden gune bat berrantolatu eta berrerabiltzeko hautuak erantzukizun ekologiko eta aurrekontuzko logika bati erantzuten dio. Lurren artifizializazioa mugatzen du, ondare komunala balioesten du eta kokaleku berrien sakabanaketak ekarriko lituzkeen funtzionamendu kargak saihesten ditu.

Kofoinak ez du egitura berri bat sortzen. Gaur egun elkarren ondoan baina benetan elkarrekin lan egin gabe dabiltzan indarrak antolatzen eta lotzen ditu.

ELKARTEEN ETXE SOIL BAT OTE DA ?

Ez.

Elkarteen etxea udal ekipamendu klasiko bat da : herriko etxeak gelak ematen ditu bilkuretarako eta jardueretarako. Baliagarria da, baina bere eginkizuna nagusiki logistikoa da.

Kofoina urrunago doa. Beste anbizio bat du.
Lurralde mailako proiektu globala da : gune berean kultur, gizarte eta elikadura arloko egitasmo bat biltzen eta artikulatzen du, auzoko ekipamenduekin loturan. Ondarearen birgaitze baten baitan kokatzen da, eta hiri-ikuspegi koherente batean.

Bizirik den leku bat da, egituratzailea eta belaunaldi artekoa.

Ezberdintasun nagusia gobernantzan dago : elkarteak ez dira soilik bertan aterpetuak eta erabiltzaileak ; tokia animatzen eta kudeatzen parte hartzen dute.

Ez dugu eraikin bat gehiago proposatzen.
Elkarrekin bizitzeko ikuspegi politiko bat proposatzen dugu.

Ez ditugu ekipamenduak eraikitzen; amankomuna eraikitzen dugu.

NORK ERABILIKO DU KOFOINA ?

Kofoina dener irekia da.

Lurraldeko elkarteek bertan aurkituko dituzte partekatuak diren guneak. Herritarrek kultur, gizarte eta belaunaldi arteko jardueretan parte hartu ahal izanen dute.

Udal jantokia baldintza zehatz batzuen arabera eskuragarri izanen da ; lehentasuna izanen dute ikasleek, adinekoek eta horretarako zuzenduriko publikoek.

NORK KUDEATUKO DU ?

Kofoina udal ekipamendu publikoa da. Eraikina herriarena da, eta herriko etxeak bere gain hartzen ditu mantentze lan nagusiak, kuadro juridikoa eta aurrekontuaren bozkatzea. Horrela, kolektibitateak bermatzen ditu sendotasun instituzionala, gardentasun finantzarioa eta erantzukizun publikoa.

Funtzionamendua udalaz kanpoko batzorde baten gisako gobernantzan oinarrituko da. Instantzia horrek hautetsiak, elkarteetako ordezkariak, erabiltzaileak eta gaiarekin loturiko eragileak bilduko ditu. Ez da udal kontseiluaren ordezko, baina elkarrizketa, jarraipen eta ko-erabaki egituratu baterako gunea sortzen du, lekuaren norabideari buruz. Interes orokorra bermatzen du, adierazpen aniztasuna ahalbidetuz.

Eguneroko animazioa eta programazioa elkarteei emanen zaizkie, hitzarmen argi eta segurtatu baten baitan. Helburu anitzeko urte anitzeko hitzarmen batek zehaztuko ditu elkarren konpromisoak, emanen diren baliabideak, ebaluazio irizpideak eta gardentasun betebeharrak. Elkarteek benetako ekimen askatasuna izanen dute, proiektu partekatuaren errespetuan.

Udalak, bere aldetik, giro lasaia bermatu beharko du. Koordinazio eta laguntza misioa beteko du, eragileen arteko artikulazioa zainduko du eta behar izanez gero bitartekaritza eginen du. Ez da ez kontrolatzeko ez mesfidatzeko ; baizik eta segurtatzeko, orekatzeko eta errazteko. Konfiantzak ez du antolaketa baztertzen ; behar du.

Eredu honek egoera bati erantzuten dio : elkarteek sarri aitortza falta pairatzen dute eta batzuetan susmopean jartzen dira diru publikoaren kudeaketari dagokionez. Kofoinak beste bide bat proposatzen du : marko publiko argia, arau partekatuak, gardentasun onartua eta ekintza askatasun errespetatua.

Kofoina antolatutako amankomuna da : jabetza publikoa, animazio asoziatiboa, gobernantza partekatua eta udalaren bitartekaritza orekaren bermatzaile. Kudeaketa partenariala, demokratikoa eta iraunkorra, lurraldearen zerbitzura.

ZENBAT KOSTATUKO DU ?

Proiektua, lehenik eta behin, birgaitze eta bateratze printzipio batean oinarritzen da. Eraikuntza berriak ugaritu ordez, baden ondarea balioan ezartzea eta gaur egun sakabanaturik diren funtzioak leku berean biltzea da helburua. Hurbilketa honek lurzoruaren artifizializazioari loturiko kostuak mugatzen ditu, alferrikako inbertsioak saihesten ditu eta jadanik dauden azalerak hobeki baliatzeko aukera ematen du.

Gaur egun zatiturik dabiltzan ekipamendu eta zerbitzuak gune berean biltzeak kargak modu iraunkorrean apaltzea ahalbidetzen du. Energia kontsumoak arrazionalizatzen dira, mantentze gastuak partekatzen dira, eta gastu logistiko errepikatuak murrizten dira. Ez da gastu publikoari geruza berri bat gehitzea; alderantziz, badena hobeki antolatzea da, eraginkorrago izan dadin.

Proiektua zorroztasunez neurtua izanen da, herriaren benetako gaitasun finantzarioen eta mobiliza daitezkeen kofinantzaketen arabera. Aitzinetik, azterketa tekniko oso bat eginen da — arkitekturala, energetikoa eta funtzionala — eraikinaren egoera zehatza, benetako beharrak, espero diren errendimenduak eta loturiko kostuak ebaluatzeko. Analisi fase horrek hautu argituak eta lurraldera egokituak bermatuko ditu.

Ondotik, inbertsioak faseka eginen dira eta egoeraren arabera egokituko dira, aldi berean partaide publikoen bilaketa aktibo batekin, herriaren zama arintzeko eta proiektuaren iraunkortasuna denboran segurtatzeko.

Kofoina inbertsio egituratzailea da. Ez da gastu puntual gisa pentsatua, baizik eta ekipamendu iraunkor eta jasangarri gisa, denboran sostengagarria, eskala ekonomiak sortzeko gai eta tokiko politika publikoen koherentzia indartzeko ahalmena duena.

NOLA BERMATZEN DU UDALAK KOFOINAREN FINANTZAKETA EGONKORRA ?

Kofoina ez da ohiko udal ekipamendu bat. Antolatutako komuna da : kuadro publiko sendoa, kudeaketa asoziatibo autonomoa eta erantzukizun partekatua. Beraz, haren finantzaketak segurua, bidezkoa eta demokratikoa izan behar du.

Elkarteei finantzaketa iraunkorra bermatzea erantzukizun publikoa da. Kofoina finantzatzea ez da jarduera puntual batzuk diruz laguntzea ; gizarte loturan, kulturarako sarbidean, autonomia asoziatiboan eta tokiko demokrazia bizian inbertitzea da. Ez da funtzionamendu gastu arrunt bat, baizik eta azpiegitura sozial egiazkoa.

Finantza egonkortasuna, lehenik, kuadro publiko argi eta onartu batean oinarritzen da. Herriak jabetza atxikitzen du — Harriet Baita, eguneko harrera, sukalde zentrala — eta bere gain hartzen ditu inbertsio egituratzaileak, mantentze lan handiak eta segurtasun juridiko eta aurrekontuzkoa. Kofoinari bideratutako aurrekontua publikoki bozkatzen da herriko kontseiluan, gardentasuna eta kontrol demokratikoa bermatuz.

Kudeaketa asoziatiboa, berriz, helburu anitzeko eta urte anitzeko hitzarmen batean bermatzen da, baliabideak hainbat urtez segurtatuz. Hitzarmen horrek konpromiso finantzario argiak, kolektiboki finkatutako helburuak eta urteko ebaluazio partekatua zehazten ditu. Horrela, urtez urteko ziurgabetasun logikatik ateratzen da, eta elkarteei behar duten ikusgarritasuna ematen zaie lasai lan egiteko.

Eredu ekonomikoa laguntza zuzen eta zeharkakoen konbinazio batean oinarritzen da. Udalak funtzionamendu dirulaguntza eman diezaioke egitura kudeatzaileari, eta Kofoinan garatzen diren proiektu kultural edo sozialak sostengatu. Aldi berean, lokalen eskuragarritasuna, baliabide administratibo eta logistikoen bateratzea eta komunikazio laguntza funtsezko palankak dira. Eraikina, horrela, ekonomia kolektiborako eta baliabideen arrazionalizaziorako tresna bilakatzen da.

Gobernantzak berak ere bidezko oreka babesten du. Atxikimendu eta laguntza irizpide publikoek, ordezkaritza pluralak, urteko kontuen argitalpenak eta herritarrei aurkezten zaien jarduera txostenak bermatzen dute Kofoina ez dela ez udal gehiengo baten ez elkarte nagusi baten jabetza, baizik eta lurralde osoarena.

Azkenik, proiektuaren izaera zeharkakoak — kultura, elikadura, belaunaldi artekoa, elkartasuna, osasuna — kanpoko kofinantzaketarako sarbidea errazten du. Udalak osotasun-emaile rola jokatzen du, elkargo, departamendu, eskualde, estatu nahiz europar mailako dispositiboak mobilizatzeko gai dena, eta horrela tokian tokiko baliabideak handitzeko.

Kofoinaren finantzaketa egonkorrak hiru zutabe ditu: udalaren konpromiso argia, kuadro kontraktual segurua eta gobernantza gardena. Konbinazio horrek bermatzen du denboran proiektu aske, arduratsu eta iraunkor bat.

ZERGATIK SUKALDE ZENTRALA ETA UDAL JANTOKIA ? NORENTZAT ?

Elikadura funtsezko zerbitzu publikoa delako. Osasunari, berdintasunari, tokiko ekonomiari eta duintasunari lotua da. Sukalde zentral eta udal jantoki baten hautua egitea, oinarrizko behar baten kontrola kolektiboki berriz hartzea da.

Lehenik, kalitatearen eta kostuen gaineko ardura berriz eskuratzea ahalbidetzen du. Herriak bermatu ditzake otordu orekatuak, produktuen jatorria kontrolatu, hornikuntzen gardentasuna segurtatu eta enpresa pribatuen menpekotasuna saihestu. Elikadura ez da gehiago kanporatutako aurrekontu lerro soil bat : berriz ere erantzukizun publiko bilakatzen da.

Halaber, elikadura osasuntsu eta tokikoa bermatzeko palanka indartsua da. Garaiko eta hurbileko produktuak lehenetsiz, herriko etxeak zuzenean sostengatzen ditu laborariak eta arrantza sektorea. Bitartekariak murrizten dira eta balio erantsia lurraldean bertan gelditzen da. Hemen ekoitzi, hemen elikatu : burujabetza eta koherentzia ekologikoaren hautua da.

Sukalde zentrala, gainera, elikadura desberdintasunen aurkako tresna nagusia da, eta osoki txertatzen da etorkizuneko Tokiko Osasun Planean. Elikadura osasun publikoaren funtsezko determinatzailea da. Ikasleei otordu orekatuak bermatuz eta familien diru sarreren arabera prezioak egokituz, herriko etxeak prebentzioan, nutrizioan eta ongizatean eragiten du txikitatik. Adinekoei ere — zahar etxean direnak, etxez etxeko otordu zerbitzua dutenak edo beren kabuz etorri eta bertan bazkaltzen dutenak — kalitatezko elikadura eskuratzeko aukera ematen die, osasuna atxikitzeko eta autonomiaren galerari aurre egiteko giltzarri dena.

Gaur egun, etxez etxeko otordu zerbitzua enpresa pribatu batek egiten du ; guk hautatzen dugu zerbitzu hori udalaren esku berriz ematea, kalitatea, jarraikortasuna eta berdintasuna bermatzeko. Elikadura, horrela, Tokiko Osasun Planaren egituratzaile bilakatzen da : nutrizioari loturiko gaixotasunen prebentzioa, bakartasunaren kontrako borroka, zahartzearen laguntza eta ohitura osasuntsuen sustapena.

Otorduak proposatu ahal izanen dira auzoko egituren erabiltzaileentzat eta udal langileentzat ere, leku berean nahasketa soziala sustatuz.
Epe ertainera, jantokia herritarrei ere ireki ahal izanen zaie, elkarrekin eraikitzeko eredu baten arabera: egun jakinetan bazkari partekatuak, urteko atxikimendua, tarifa solidarioa edo erreserba sistema. Hautu hori kolektiboki eztabaidatuko da, funtzionamendua lurraldearen benetako beharretara egokitzeko.

Elikadura, beraz, berdintasun, parte hartze eta bakartasunaren aurkako tresna bilakatzen da, komunitate osoaren zerbitzura.

Proiektu hau gazteriari begirakoa ere bada. Garatu nahi dugun formakuntza poloarekin eta goi mailako ikasketekin loturan, udal jantokiak prezio apaleko otorduak eskaini ahal izanen dizkie ikasleei. Egunez harrera gune ere izan daiteke, lanerako gune partekatuekin, coworkinga, lankidetza eta ikasle bizia sustatuz. Halaber, adierazpen artistikorako uneak, kultur ekimenak, topaketak eta eztabaidak har ditzake. Ez da bakarrik elikatzea; gazteek elkar aurkitu, sortu, ikasi eta isolamendutik atera ahal duten espazio bat eskaintzea da.

Proiektu honek tokiko eta inklusiozko enplegua ere sortzen du. Sukaldari, zerbitzari, administrazio eta logistika lanpostuak sortzen ditu, eta aldi berean tokiko laborantza eta arrantza sektoreak sostengatzen ditu. Sukalde zentralak laneratze postuak integra ditzake, laguntza egiturekin partaidetzak garatu, enplegu iraunkorrerako trantsizio kontratuak proposatu eta sukaldaritza kolektiboko lanbideetan formakuntza eskaini. Elikadura, horrela, inklusio sozialerako tresna bilakatzen da.

Azkenik, udal jantokia ez da ekipamendu tekniko hutsa. Bizitza eta elkarbizitzarako gune izan daiteke: belaunaldi arteko topaketak, noizbehinka herritarrei irekitako otorduak, nutrizioari, sukaldaritzari eta jakintzen transmisioari buruzko tailerrak. Zerbitzu bat espazio sozial bilakatzen da ; eguneroko behar bat, lotura sortzeko aukera.

Sukalde zentral udal baten hautua egitea, elikadura hiri proiektuaren zutabe bilakatzea da: zerbitzu publikoa, tokiko ekonomiaren sostengua, berdintasun tresna, gazteriaren palanka eta komunitate osoarentzat topagune.

TOKIKO OSASUN PLANA ZER DA ?

Gure Tokiko Osasun Plana uste sendo batean oinarrituko da : osasuna ez da soilik artatzera mugatzen ; eguneroko bizitzan eraikitzen da, elikaduran, gizarte loturan, ingurunean eta zerbitzu publikoetarako sarbidean. Prebentzioa, osasun zerbitzuetarako hurbileko sarbidea eta bizi kalitatea uztartuko ditu, lurraldeko ekipamendu eta dinamiken koherentzian.

Lan koordinatuan oinarrituko da ospitalearekin eta osasun profesionalekin, hurbileko arretara sarbidea indartzeko eta ahuleziak aitzinetik antzemateko. CMPP-rekin loturan, haur, nerabe eta familien osasun mentalari buruzko atal berezi bat integratuko du, prebentzio goiztiarra eta entzute guneak garatuz.

Udal sukalde zentrala planaren zutabe nagusietarik bat izanen da, elikadura osasun publikoaren determinatzaile nagusi gisa aitortuz. Nutrizio kalitatea, obesitatearen eta gaitz kronikoen prebentzioa, zaporearen heziketa eta tailer pedagogikoak: ongi jatea prebentzio politika egituratu bilakatzen da.

Tokiko Osasun Planak isolamenduaren aurkako borroka ere barne hartuko du, bereziki adinekoen eta gazteen artean. Bazkari partekatuak, belaunaldi arteko guneak eta Kofoineko elkarte bizia estrategia horren parte osoa izanen dira. Harreman eta osasun psikologikoa osasun fisikoa bezain garrantzitsutzat hartuko dira.

Azkenik, mugikortasun leunak osasun politikaren parte osoa izanen dira. Oinez ibiltzea eta bizikleta sustatzea, ekipamenduen arteko ibilbideak segurtatzea — ospitalea, egitura sozialak, kultur poloak, zahar etxea — eguneroko jarduera fisikoa bultzatzea da, hiri estresa murriztea eta aire kalitatea hobetzea.

Tokiko Osasun Plana ez da dokumentu teoriko hutsa izanen. Ekintza kuadro zeharkakoa izanen da, lurraldeko eragileekin loturan gidatua, aldizka ebaluatua eta konpromiso zehatz gisa pentsatua: osasuna hiri proiektuaren hari gidari bilakatzea, belaunaldi guzien zerbitzura.

ZERGATIK GUNE HONETAN ?

Sukalde zentrala gune honetan ezartzea koherentzia eta zentzuzko hautua da. Leku honek jadanik zerbitzu publikoen polo egituratzaile bat osatzen du : ospitalea, zahar etxea, CMPP, kultur ekipamenduak, harrera gunea eta komisaldegia. Bertan sukalde zentrala ezartzea ez da ekipamendu isolatu bat sortzea ; dagoen dinamika indartzea da. Jadanik identifikatua, erabilia eta tokiko bizitzan errotua den polo publikoa sendotzen da.

Hautu hori bat dator Kofoinaren proiektuarekin ere, kultura, elkarte bizia, elkartasuna eta belaunaldi artekoa uztartzen dituen ikuspegi zeharkakoan oinarritzen baita. Udal jantokia ez litzateke otorduak ekoizteko tresna tekniko hutsa izanen. Topaketa, elkarbizitza, tailer eta transmisiorako gune bilakatuko litzateke. Gunearen bokazio soziala naturalki osatuko luke, eguneroko eta partekatutako dimentsio bat emanez.

Lurra publikoa denez, proiektu honek Harriet Baita eta dauden eraikinak birgaitzeko aukera ematen du, lur berri gehiago artifizializatu gabe. Dagoen ondare komunala balioesten du, haren erabilera optimizatzen du eta energiari, logistikari edo aparkalekuari loturiko kostuak bateratzeko aukera ematen du. Hiria beste nonbait hedatu ordez, badena modu adimentsuan indartzen da.

Ekipamenduen hurbiltasunak ingurumen eragina ere murrizten du. Otorduen ekoizpena zentralizatzeak sakabanatutako garraioak apaltzen ditu, banaketak bateratzea errazten du eta logistika hobeki kontrolatzea ahalbidetzen du. Gunearen hautuak, beraz, koherentzia ekologiko orokorraren parte da.

Azkenik, sukalde zentrala hemen ezartzeak proiektua eguneroko bizitzan errotzen du. Kofoina ez da ekipamendu sinboliko edo abstraktu bat izan behar. Elikadura bezalako funtzio funtsezko bat txertatuz, eguneroko erabilgarritasun zehatza, ikusgarria eta partekatua ematen zaio. Ez da ekipamendu bat gehiago gehitzea ; auzo honetan — zaintza, kultura eta elkartasunari lotua den eremu batean — funtzio bizi eta egituratzaile bat sendotzea da.

ZER ERAGIN IZANEN DU AUZOAN ?

Proiektua dagoen gune baten birgaitzean oinarritzen da, eta kanpoko espazioen jarraikortasunean, benetako espazio publiko partekatu gisa pentsatuak.

Helburua da proiektua modu harmoniatsuan txertatzea auzo bizitegian, aldi berean dagoeneko badiren ekipamendu publikoekin — osasuna, kultura, elkartasuna — eta hirigunearekin loturak sendotuz.

Gaur egun, tontor bat bezala ikusia, saihestu beharreko eremu bat, zeharkatu beharreko aparkaleku bat, zatitua eta benetan bizi gabea den espazioa da. Baina beste zerbait bilakatzeko bokazioa du : zeharkatua, bizia eta zentzuz betea den gunea.

Hilerriaren ondotik, memoria eta bilketa leku horren errespetuan, espazio publiko goxo bat sor daiteke. Giro apaleko tokia, non belaunaldiak gurutzatzen diren, non memoriak eguneroko bizitzarekin solasean den.

Kofoinak sinbolika hori bere gain hartzen du : oroimenaren lekutik hurbil, transmisiorako, kulturarako, elkartasunerako eta elikadura partekaturako gunea proposatzen du.

Memoria eta etorkizunaren artean, bizitzaren azken uneen eta haurtzaroaren artean, bilketaren eta sorkuntzaren artean, guneak bizitzaren zikloa kontatuko du.

Zatiketa zena jostura urbano eta humano bilakatuko da.
Auzo bizitegiaren, ekipamendu publikoen eta hirigunearen arteko lotura lerro bat — ondarea, elkartasuna eta etorkizuna elkarrizketan jartzen dituen erdigune bizia.

Bizitzaren azkenetik haurtzarora,
bilketatik sorkuntzara,
guneak bizitzaren zikloa kontatuko du.

Memoria eta etorkizunaren arteko hiri jostura.

ZEIN IZANEN DIRA GUNEKO SARBIDEAK ?

Helburua da gaur egun dagoen zatiketa zuzentzea.

Gunea gaur egun zatitua eta gutxi irakurgarria bezala ikusia da ; berriz pentsatua izanen da zeharkagarria, arina eta bere hiri ingurunean osoki txertatua bilakatzeko. Kofoinak lekua isolatzen duten oztopo fisikoak kenduko ditu eta ibilbide leun, jarraitu eta denentzat eskuragarriak sortuko ditu, mugikortasun urriko pertsonentzat ere.

Kanpoko espazioak berrantolatuak izanen dira oinezkoentzako jarraikortasun argi eta segurtatua bermatzeko, oinez ibiltzea eta bizikleta sustatuz giro apal batean. Sarbideak hierarkizatu eta irakurgarri eginen dira, gunean diren ekipamenduen artean eta hirigunerantz zirkulazio sinple eta ulerterraza ahalbidetuz. Aparkalekua arrazionalizatuko da erabileren arteko gatazkak murrizteko, mugikortasun leunak lehenesteko eta espazio partekatu koherenteak antolatzeko.

Benetako irisgarritasuna bermatzeko — ez bakarrik teorikoa — autobus egokituak ezarriko dira mugikortasun urriko pertsonentzat eta publiko ahulentzat. Anezka horiek gunea inguruko ekipamenduekin eta auzoekin lotuko dute, bakoitzak eskaintzen diren zerbitzuetara oztoporik gabe heltzeko aukera izan dezan.

Gune hau ez da gehiago izango isolaturik den eremu bat. Hurbileko erdigune bizi eta integratu bilakatuko da — auzoaren eta hirigunearen arteko lotura egituratzaile bat, dagoen ondarea balioan ezarriz eta espazio publiko honi zentzua eta erabilera berriz emanez.