4 ARDATZ NAGUSITAN EGITURATUTAKO KULTURA POLITIKA
DAGOENA BALIOAN JARRI ETA KOHERENTZIA EMAN
Gure lurraldeak badu jadanik eskaintza kultural aberats eta ezaguna : Ravel Jaialdia, Hego-Akitaniako Eszena Nazionala, tokiko bestak, musika eskola, baita Tanka gela, Micro-Folies, zinema, mediateka edo La Rotonde bezalako ekipamenduak ere.
Erronka ez da ekitaldi gehiago pilatzea, baizik eta dagoenari koherentzia eta hats berri bat ematea.
Udalaren egitekoa da koordinazioa eta sare-lana sustatzea : eragileen artean loturak sortzea, baliabideak partekatzea eta ekimenak agerian ematea. « Kofoina » proiektuarekin bezala, dagoen indarra antolatzea da xedea, ez bakoitza bere aldetik ibiltzen uztea.
Kultura politika sendo batek lurraldean egituratutako dinamika bat behar du oinarri.
KULTURA MURRUETATIK ATERA : ESPAZIO PUBLIKOAN BIZI
Gure nahia argia da : kultura ez bakarrik kontsumitu, baizik eta bizi.
Espazio publikoa berriz ere adierazpen, sorkuntza eta elkargune izan behar da : karrikak, plazak, parkeak eta frontoiak zine emanaldi irekiak, eszena irekiak, tokiko taldeentzako aukera berriak eta bat-bateko emanaldiak hartzeko gai izan behar dira.
Auzo bakoitzean eszena irekiak garatu nahi ditugu, mutxikoen indar kolektibotik inspiraturik, Ravel festibalarekin, musika eskolarekin, kontserbatorioarekin, abesbatzekin, Gaztetxearekin eta tokiko kolektiboekin elkarlanean.
Kulturak gazteriari bereziki lekua eman behar dio, agertzeko eta sortzeko guneak eskainiz.
Soiltasuna izanen da gure gidalerroa : badiren ekipamenduak baliatu eta dauden lekuak balioan ezarri, azpiegitura berriak pilatu gabe.
KULTURA HERRIKOI, IRISGARRI ETA SUSTRAITUA DEFENDATU
Kultura herrikoia defendatzen dugu, bere zentzu nobleenean : partekatua, guzientzat irisgarria eta ondare bizian sustraitua.
Donibane Lohizunen, praktika amateurrak, musika eta besta tradizioak, eta gure hizkuntza biziak programazio instituzionalen pareko aitortza izan behar dute.
Bizitza kolektiboa markatzen duten erritu herrikoiak indartu nahi ditugu : Ihauteri, Arimen gaua, Olentzero, Donibaneko bestak. Une horiek herritarrekin batera eraiki behar dira, ez ikusle huts bihurtuz.
Gabonetako merkatuak tokiko artista eta artisauen lana balioan ezarri beharko du ; edari eta jateko guneak donibandar elkarteen esku utzi, eta animazioak tokiko dantza taldeek, antzerki taldeek eta serenadek eraman.
Hiriko bestetan tokiko taldeak lehenetsiko ditugu eta indarkeria sexista eta sexualen kontrako prebentzio politika argia plantan ezarriko dugu. Herri besta batek guzientzat espazio segurua izan behar du.
Irisgarritasuna lehentasuna da. Kulturak ez du diruaren edo kode sozialen araberakoa izan behar. Horrek prezio politika egokitua eta doako ekitaldi gehiago espazio publikoan garatzea eskatzen du.
TRANSMITITU, ELKARRIZKETATU ETA LURRALDERA IREKI
Kultura ez da bakarrik ikuskizuna ; bizipen eta ikaskuntza ere bada.
Eskolekin eta herritarrekin batera transmisio ibilbideak plantan emanen ditugu : tokiko historia, ondarea, euskara eta praktika artistikoak landuz.
Ekimenetan euskararen presentzia indartuko dugu eta Euskal Hirigune Elkargoarekin lankidetza sendotuko dugu, lurralde mailako koherentzia bermatzeko.
Doako hitzaldi ireki eta erregularrak antolatuko ditugu, ondareari, ingurumenari, gizarte gaiei eta sortzaileekin topaketei buruz.
Donibane Lohizune hizkuntza eta kultura anitzek zeharkatzen duten herria da. Kultura politikak kulturarteko elkarguneak sortu behar ditu, baita Euro-eskualdearekin loturiko irteera kulturalak ere, inguruan dugun aniztasuna hobeki ezagutzeko.
Hobeki informatzea demokratizatzea da. Udalak komunikazio argi eta erregularra bermatuko du, kultura eskaintza guzientzat ulergarri eta eskuragarri izan dadin.
Kultura politika anbiziotsu bat ez da antolatutako ekitaldi kopuruaren arabera neurtzen, baizik eta jendea elkartzeko, transmititzeko eta parte-hartzea pizteko duen gaitasunaren arabera.
Kultura eskubidea da, ondasun komuna eta kohesioaren motorra.
Kultura espazio publikoan biziaraztea, herritarrei beren hiria berriz bereganatzeko eta kolektiboki dardararazteko aukera ematea da.
EUSKARAREN LEKUA – HIZKUNTZA POLITIKA AUSARTA ETA ESTRUKTURATUA
Euskara ez da gure identitatearen apaingarri hutsa. Hizkuntza bizia da, ondare imateriala, transmisiorako tresna eta belaunaldien arteko lotura. Donibane Lohizunen, bere presentzia osoki onartua, egituratua eta babestua izan behar da politika publiko argi eta iraunkor baten bidez.
Benetako hizkuntza politika munizipala plantan ezarriko dugu, euskara bizitza publikoan pixkanaka normalizatzeko xedearekin.
2025ean onartutako hizkuntza xartaren aplikazio osoa bermatuko dugu (Euskararen aldeko engaiamendu adierazpena). Horren bidez, herriak euskara garatuko du bere komunikazio instituzionalean, seinaleztapenean, ekitaldi publikoetan eta udal zerbitzuetan.
Donibane Lohizunen bi hizkuntzek leku parekoa izan dezaten nahi dugu.
Hizkuntza espazio publikoan ikusgarri eta naturalki presente izatea funtsezko baldintza da haren bizitasunerako.
Politika horri benetako bitartekoak emateko, udalean euskarari dedikatu giza baliabideak indartuko ditugu. Euskara teknikariaren edo teknikarien eginkizunak sendotu eta, beharrezkoa balitz, zabalduko dira. Misioak argitzea, sostengu politiko jarraitua bermatzea eta, behar izanez gero, taldea handitzea funtsezkoa da hizkuntza politika epe luzera sustatzeko.
Udal langileei ere euskara ikasteko aukera eta bultzada emanen zaie. Formazio egokiak proposatuz, behar den denbora antolatuz eta gaitasun linguistikoak baloratuz, harrera elebiduna eta zerbitzu publikoaren kalitatea sendotuko dira.
Transmisioa politika honen bihotza da. Euskarak bizirik izan behar du txikitatik, egunerokoan, jolasean eta aisialdian. Euskaraz Josta dispositiboa osoki sostengatuko dugu ; programa horrek Euskal Herriko haur eta gazteen aisialdi egiturak laguntzen ditu euskarazko harrera antolatzeko: langileen formakuntza, material pedagogikoa, itzulpenak eta animazio bereziak barne. Helburua da haurrek hizkuntza modu naturalean eta atseginean bizitzea, eskolaren eremutik haratago.
Halaber, Donibane Lohizunen euskarazko Haurren Etxe edo Ama Laguntzaileen Etxea sortzea proposatzen dugu. Egitura horrek harrera euskaraz eskainiko luke haurtzaro goizetik, adin desberdinen arteko jarraikortasun linguistikoa sendotuz eta familien benetako eskaerari erantzunez. Profesionalen formakuntza laguntzea eta proiektua diruz sostengatzea ezinbestekoa izanen da haren iraunkortasuna bermatzeko.
Azkenik, etorri berrien harrerak dimentsio linguistikoa integratu behar du. Euskararen errealitatea ezagutaraztea, haren ikaskuntza sustatzea eta kultura zubiak eskaintzea integrazio errespetuzko baten alde egitea da, tokiko nortasuna aitortuz.
Euskara sustatzea ez da inor baztertzea. Gure aberastasun kolektiboa baieztatzea eta haren transmisioa segurtatzea da. Euskara espazio publikoan, instituzioetan eta haurtzaroan biziaraztea gure lurraldearen etorkizun kultural eta humanoan inbertitzea da.